Aurreko esperientziaren arabera hauek dira errepikatzen diren problemak marketing planaren lehenengo fasea egiteko unean. Beraz, lanaren garapenean eta lehenengo atalaren emaitza entregatu baino lehen lantaldeek ondo errebisatzea eta hobetzea gomendatzen dut, hala badagokio jakina:
1. Plagioa. Aurreko esperientziaren arabera ikerketa-fasean pilatzen dira plagio-kasu gehienak. Kriterio etiko gutxi duten ikasleentzat tentagarria izan daiteke beste autore batzuen dokumentuak eta ideiak biltzea eta beren lanaren emaitza gisa aurkeztea. Lan-metodologia ondo aplikatzen bada, taldekideek egiten dutenari buruzko informazioa eta ezagutza talde osoak du eta taldeak ataza guztiei oniritzia ematen die. Plagioa denon erantzukizuna da. Kontuz ibili, mesedez, plagio-kasu bakar batek praktika osoan zero izatea ekar lezake. Lan osoan, baina ikerketaren fasean gehien bat, erabiltzen diren informazio-iturriak ondo eta zehatz azaldu behar dira. Kontu honetan, guztiok zorrotzak izan, mesedez, problemarik ez izateko.
2. Lan praktikoaren bidez taldeak teoria ez dakiela erakustea. Horrek erakusten du talde osoa gaizki ari dela teoria praktikan aplikatzeko lanean. Eta teoría ondo aplikatzea lan praktikoaren helburu nagusia da, beraz, problema larria izan daiteke. Metodologiaren arabera talde osoak ekarpen guztiei oniritzia ematen die, honen ondorioz, talde osoaren ardura da lan praktikoan teoriaren aplikazio egokia izatea.
3. Ikerketa-arlo garrantzitsuei buruz ongi ez hausnartzea, proiektuari datu interesgarriak ekartzeko. Dagoeneko aipatu dugu kausa-efektu diagrama ikasgelan, kontzeptu hori ondo ulertzeko. Norbaitek proiekturako garrantzitsuak ez diren datuak ekartzen baditu, proiektuaren ebaluazioa kaltetzen du. Gogoeta egiten eta datu garrantzitsuak identifikatzen jakin behar da, eta baliorik gabeko datuak ez dira eman behar. Beraz, ikerketa-fasean egiten diren ekarpen guztiek, aldez aurretik gogoeta izan behar dute haien egokitasunari buruz. Datuak fidagarriak eta egokiak izan behar dira, beti. Marketing planaren lehenengo fase honetan, taldeak erabakitako atal bakoitzeko datuak aurkeztu behar dira. Eta atal bakoitzean datu horiek proiektuarentzat duten balioa zehatz-mehatz azaldu behar da. Datuak bilatzea, biltzea eta proiekturako egokitzapena egoki adieraztea atal honetako praktika garrantzizkoak dira. Honek ikaslearen pentsamendu analitikoa indartzen du. Fase honetan ondo egin behar da lana; izan ere, marketin-planaren ondorengo erabaki guztiek ikerketa-faseko datuetan izan behar dituzte funtsezko argudioak. Marketin-plan txarra egiteko biderik azkarrena da ikerketa onik ez egitea. Honek asko oztopatzen du datu garrantzitsuak lortzea eta egoeraren diagnostiko egokia egitea. Horregatik oso garrantzitsua da metodologian ataza edo zeregin guztiak ondo bideratu eta lortu nahi den emaitzaren arabera definitzea. Hau guztia dela eta, behar diren datuei buruzko hausnarketa sakona hasieran egin behar da, beharrezkoak diren datuak eta eskuratzeko atazak ondo definitzeko eta datu baliagarriak aurkitzeko eta ebaluatzeko. Plangintzan agertzen diren baliorik gabeko edukiek eta datuek kalitatearen lana eta bere ebaluazioa kaltetzen dute. Horrela bada, taldeak ez du egoki metodologia aplikatu eta datuak ebaluatzeko ezagutza falta erakusten du.
4. Egoeraren diagnostiko txarra egitea. AMIA egoerari buruzko hausnarketa eta diagnostikoa egiten laguntzen digun tresna da. Ez da gogoetarik gabe betetzeko fitxa bat. Hausnarketa sakonik gabe ez dago diagnostiko egokirik. Talde osoak egin behar du lan garrantzitsu hori. DAFO/AMIAren ondorioak oso garrantzitsuak dira, eta talde osoak ezagutu eta ulertu behar ditu, ondoren erabakiak hartzeko balioko baitute. AMIAren atal bakoitzean ondorio egokiak agertu behar dira, eta proiektuaren barruan duten garrantziaren arabera ordenatu behar dira, taldearen irizpidearen arabera (ez pertsona bakar batena). Ikerketaren diagnostikoa taldean landu beharreko alderdi garrantzitsua da.
Ez ahaztu, mesedez, oso oinarrizko printzipioa: “jakintzarik gabe ezinezkoa da kalitatezko lana egitea”. Honen aplikazioak lan praktikoari eman baino lehen teoria eta metodologia ondo errebisatzea ekartzen du.

No hay comentarios:
Publicar un comentario