Mikroenpresa bat sortzeko lanean erabili ohi den ardatz zentralari esaten zaio, enpresaren munduan, Negozio Plana.
Negozio Planak bi balio nagusi dauzka:
• Enpresa bat sortzeko prozesuaren garapena planifikatzeko tresna funtsezkoa izatea batetik; horrela, bere puntu guztiak bata bestearen atzetik lantzeak enpresa bat martxan jartzera bideratutako ekintzak argitzeko modua ematen du.
• Erakunde publiko desberdinek ematen dituzten subentzioetara iristeko eta kreditu-erakunde batean finantzaketa eskatzeko orduan gure tesiei laguntzeko ezinbesteko lanabesa izatea bestetik.
Gainera, Negozio Plana oinarrizko tresna da jadanik martxan egon arren ere, beren jarduera berrorientatu beharrean dauden enpresentzat, modu orokorrean bezala baita alderdi desberdinetan ere: merkatuak zabaltzea, marketineko planak egitea, enpresaren sail desberdinak (komertziala, produkziokoa, giza baliabideak, finantzarioa, etab.) berriro antolatzea, enpresaren kudeaketa osoan egindako hobekuntzak, inbertsio berriak ibilgetuan, ekipamenduetan edo makinerian, produktu edo zerbitzu berrien merkaturatzea, etab.
Ondoren, Negozio Plana egiteko gida bat ematen da, jarraitu beharreko ekintzak atal desberdinetan banatzen dituena. Enpresa zein motatakoa den kontu, aipatutako puntu batzuk ez dira tratatu behar, beste batzuei garrantzi handiagoa eman beharko zaien bitartean.
1.- PROIEKTUAREN AURREKINAK ETA TALDE SUSTATZAILEA
Enpresaren sorrerarekin lortu nahi diren jatorriak, arrazoiak eta helburuak deskribatu behar dira.
1. Ideiaren jatorria. Deskribatu jatorrizko ideia, nola sortu zen, zein unetan eta zergatik, eta nola joan zen egosten.
2. Talde sustatzailearen jatorria. Sustatzaileen talde baten kasuan, talde hori nola sortu zen adierazi behar da, zein garaitan sortu zen
eta zergatik. Taldeko kide guztien artean dagoen lotura ere (adiskidetasuna, familia, etab.) aipatu behar da.
3. Proiektua osatzen dutenen kurrikulua. Enpresa-proiektuaren garapenarekin barne-harremana duten datu pertsonalak, egindako ikasketak, esperientzia profesionala eta helburu pertsonalak adierazi beharko dira.
4. Talde sustatzailearen helburua. Talde sustatzailea osatzen duten pertsonak enpresa-munduan sartzera bultzatu dituzten helburu profesional eta enpresarialak aipatu labur-labur.
2.- JARDUERA, PRODUKTUA EDO ZERBITZUA
1. Definizioa. Definitu oso modu laburrean zein diren enpresak merkatuan eskaini nahi dituen produktuak edo zerbitzuak.
2. Produktuaren edo zerbitzuaren ezaugarriak. Produktuak sortzeko edo eskainitako zerbitzuak emateko beharrezkoak diren pausoak eta egitekoak zabalki garatu.
3. Estaltzen dituen premiak. Nabarmendu zein premia eta gabezia estali eta betetzen dituen produktuak edo zerbitzuak, partzialki nahiz osorik.
4. Konparaziozko abantailak. Aipatu gaur egun merkatuan dauden eta antzeko edo berdin bezala har daitezkeen beste batzuekin konparatuz produktuak edo zerbitzuak eskaintzen dituen abantailak (kalitatea, prezioa, etab.). Produktuak berrikuntzaren bat ba ote dakarren ere adierazi behar da.
5. Produktu edo zerbitzuaren izena. Adierazi, kasua denean, produktuari edo zerbitzuari emango zaion izena (ez nahastu enpresaren izenarekin).
6. Aurkezpena, ontzia, irudia, enbalaketa. Zehaztu zer-nolako kanpoaurkezpena (enbalaketa, etiketatua, diseinua, logotipoa, etab.) eman behar zaion produktuari behin merkaturatu ondoren eta nolako ezaugarriak dituen aurkezpen horrek. Zerbitzu bat baldin bada, komeni da adieraztea zerbitzua aurkezteko moduak edo euskarriak, bezeroek antzeman ditzaketenak.
7. Produktu edo zerbitzuaren etorkizuneko eboluzioa. Deskribatu nola dagoen aurreikusia edota nola ikusten den eboluzionatuko duela produktuak edo zerbitzuak etorkizunean (kalitate gehiago, prezio txikiagoa, prestazio gehiago, produktu edo zerbitzu berriak, merkatu-kuota handiagoa, etab.).
3.- MERKATUA
A. MERKATUAREN EZAUGARRIAK
• Zehaztu enpresaren jarduera-eremua (geografikoa, jarduerasektoreak...).
• Zehaztu zein segmentutan bana daitezkeen enpresaren bezero potentzialak, profil sozialaren, hezkuntzakoaren, ekonomikoaren, adinaren, sexuaren, etab.en arabera.
• Aurreneko hiru urteetan jarduera-eremu horretan lortzea espero diren gutxi gorabeherako fakturazio-bolumena eta merkatu-kuota (datu numerikoak).
• Hurrengo urteetan enpresa mugitu behar deneko merkatuaren eboluzioa.
B. BEZEROAREN EZAUGARRIAK
Definitu enpresako bezero potentzialaren ezaugarri nabarmenenak, bai pertsonak direnean eta baita enpresa edo erakundeen kasuan ere: bere tipologia, gure produktu edo zerbitzuekiko duten portaera, etab.
D. LEHIAKIDEEN EZAUGARRIAK
Aipatu eta deskribatu gure lehiakideen ezaugarri nagusiak, beren punturik nabarmenenak adieraziz (alderdi sendoak) eta baita horrelakoak ez direnak ere (alderdi ahulak). Enpresak lehiakideekin alderatuz dituen konparaziozko abantailak eta alde ahulak baloratu behar dira. Kontua, halaber, lehiakide bakoitzaren "fitxa" moduko bat egitea da, bertan adieraziz bere datu enpresarialak, eskaintzen duen produktua edo zerbitzua, prezioak, negozioaren bolumena, zein merkatutan diharduen, zer-nolako bezero-motak dituen, kalitate-maila, etab.
4.- ENPRESAREN LOKALIZAZIOA
1. Enpresaren lokalizazioa. Adierazi enpresa non kokatuko den geografikoki eta zergatik.
2. Banaketa espaziala. Enpresa kokatu behar deneko bulego, lonja edo pabilioiaren planoa ere erantsi, osagai material desberdinak nola banatuko diren adieraziz.
5.- ENPRESAREN IRUDIA
1. Enpresaren izena eta logotipoa. Aurkeztu enpresarentzat aukeratutako izena eta gehitu, horrela tokatuz gero, logotipoaren diseinua.
2. Bisita-txartelak, informazio-foiletoak eta aurkezpen-gutunak. Osagai horiek guztiak diseinatuak edukiz gero, komeni da bisita-txartelaren eredua, triptiko, foileto edo memoriaren baten ale bat eta enpresaren aurkezpen-gutun bat ere gehitzea.
3. Komunikazioa, irudia eta sustapena. Aipatu aurrera eramango diren publizitate eta sustapeneko ekintzak, horien kostua eta espero diren emaitzak ahaztu gabe.
6.- POLITIKA KOMERTZIALA
A. HELBURU KOMERTZIALA
• Adierazi enpresaren helburu komertziala merkatuko barneratzeari eta posizioari dagokienez.
• Aurreneko hiru urteetarako egina dagoen salmenten aurreikuspenaren berri eman, zertan oinarritzen den adieraziz.
B. SALMENTA-PREZIOA
• Aurkeztu enpresak aurrera eramango duen prezioen politika.
• Erakutsi zer-nolako diferentziak dauden beste enpresa lehiakide
batzuekiko prezioen politika horri dagokionean.
D. SALMENTA-SISTEMA
• Erakutsi nola garatuko den salmenten prozesua, hasi bezeroak enpresaren berri duen unetik eta zerbitzua eman edo produktua saltzen den arte.
• Adierazi nola antolatuko den enpresaren salmenta-politika, zein langile arituko diren horretan eta zein eginkizun beteko diren.
• Aditzera eman salmenta-indar horrek ekarriko dituen kostuak (bidaiak, dietak, etab.) eta ordainsariak.
• Zehaztu kobrantzen eta ordainketen politika, epeei eta baliabideei dagokien heinean.
• Esan nola eraman nahi den aurrera salmenta ondoko prozesua.
7.- PRODUKZIOA
1. Produkzio-prozesuaren faseak. Izendatu eta zehaztu ondoren produktua edo zerbitzua sortzeko prozesua zein fasetan banatzen den.
2. Subkontratazioa. Haztatu ea produktua edo zerbitzua sortzeko prozesua osatzeko beharrezkoa ote den enpresaren baten edo profesionalen baten zerbitzuak subkontratatzea, barruan hartuz subkontratazio horren kostuak eta baita emango litzatekeen baldintzak ere.
3. Enpresaren produkzio-ahalmena. Adierazi zein izango litzatekeen enpresaren gehienezko produkzio-ahalmena edo zerbitzu-ematea hasiera batean edukiko dituen baliabide eta pertsonekin, eta ea hori gehituko litzatekeen hurrengo bi urteetan.
4. Lehengaiak eta hornidurak. Aipatu enpresaren produkzio-prozesuan beharrezkoak izango diren lehengai eta hornidura guztiak.
5. Hornitzaileak. Izendatu lehengaiak hornitzen dituzten zein enpresa izango diren beharrezkoak gure produktuak produzitzeko edota gure zerbitzuak emateko, adieraziz non aurkitzen diren eta zein baldintza eta ordaintzeko modu eskainiko diguten.
6. Izakinak, hornikuntza eta biltegiratzea.
• Aditzera eman, beharrezkoa gertatuz gero, biltegiari eskainitako espazio fisikoa eta baita nola banatuko den espazio hori.
• Eman, lehengaien eta bukatutako produktuen arabera, normalean biltegiak edukiko dituen izakinen gutxienezko eta gehienezko maila.
7. Kalitate-kontrola. Deskribatu ea erabili behar den produktuaren edo zerbitzuaren kalitatea kontrolatzeko sistemarik.
8.- ANTOLAMENDUA ETA GIZA BALIABIDEAK
1. Beharrezko pertsonak. Esan zenbat pertsona izango diren beharrezkoak enpresan aurreneko hiru urteetan eta baita horien profila ere.
2. Funtzioak. Definitu enpresan lan egingo duten pertsonek bete beharreko funtzioak edo eginkizunak.
3. Organizazio eta koordinazioko sistemak. Enpresaren organigrama diseinatu behar da, bertan aditzera emanez erabakiak hartzeko modua eta erantzukizun hori zein pertsonei dagokien.
4. Hautespen-sistemak eta kontratatzeko modua. Enpresa-jarduera aurrera doala, edozein unetan pertsonala hautatu beharra gertatuko balitz, adierazi behar da hautespen hori nola egitea pentsatzen den, zer-nolako irizpideak erabiliko diren eta zein kontratazio-modu egingo den.
5. Kanpo-aholkularitza. Adierazi ea beharrezkoa izango den aholkularitza edo kontsultoretzaren baten zerbitzuak subkontratatzea, enpresaren kudeaketarako edota zenbait eginkizun administratibo betetzeko.
9.- LEGALIZAZIOA
1. Forma juridikoa. Esan enpresak zein forma juridiko hartuko duen eta zein diren aukera hori egiteko arrazoiak.
2. Jabetza industrial eta intelektualaren babeskuntza. Produktuak fabrikatzen diren kasuetan, edo diseinu berritzaileak sortzen direnean, establezimenduetako izen komertzialak, markak, errotuluak, etab., adierazi nola babestuko diren eta zein erregistroren bidez.
10.- PLAN EKONOMIKO-FINANTZARIOA
Ondoren analisi ekonomiko-finantzariotik ateratako koadro finantzario desberdinak emango dira. Koadro horietako bakoitzak berarekin eraman behar du esanahiari buruzko ohar orokor bat. Txostenarekin batera eman beharreko koadroak ondorengoak dira:
OINARRIZKO KOADROAK
• Inbertsioen eta finantzaketaren plana.
• Emaitzen kontua.
• Altxortegiko aurrekontuak.
• Egoera-balantzeak.
OINARRIZKOEI ERANTSITAKO KOADROAK
• Fakturazioa eta salmenten kostuak.
• Pertsonal-gastuak.
• Ibilgetuaren amortizazio-taulak.
BESTE KOADRO INTERESGARRI BATZUK
• Ratioak.
• Fondoen jatorri eta aplikazioaren egoera-orria.
• Grafikoak.
Informazio-iturria: Bilbao Lan Ekintza
No hay comentarios:
Publicar un comentario