Merkatuan gure produktu edo zerbitzuen berdinak edo antzekoak eskaintzen dituzten beste enpresa batzuen analisia bezala definitzen da eta, gainera, eskariaren analisiarekin estu-estu lotua dago.
Behar diren datuak:
• Egungo lehiakideak eta lehiakide potentzialak identifikatzea.
• Produktuaren edo zerbitzuaren ezaugarri nagusiak.
• Zein merkatutan diharduten eta zein eskari asetzen duten.
• Eskaintzen dituzten prezioak eta ordaintzeko moduak.
• Erabiltzen dituzten banaketako kanalak.
• Sustapenak eta bezeroak erakartzeko publizitateko metodoak.
• Enpresaren tamaina eta darabilten teknologia.
• Enpresa hauen alderdi sendoak eta ahulak.
Analisi hauek garrantzi handikoak dira jakiteko gure produktuaren edo zerbitzuaren analisian lehiakideekiko definitu ditugun konparaziozko abantaila haiek benetan existitzen diren ala ez. Ezin gaitezke mugitu merkatu batean gurekin lehian ari diren enpresen datu ahalik eta gehien ezagutu gabe.
Bestalde, datu horiek ez dira bakarrik garrantzitsuak enpresa bat sortu baino lehenagoko aurre-pauso bezala, baizik eta bere bizitza osoan zehar ere gure lehiakideen ikerketak egiten jarraitu behako dugu etengabe .
Merkaturatu nahi dugun produktu edo zerbitzuak inolako lehiakiderik ez daukan kasuetan, edota mugitu behar garen merkatu-esparruan behintzat lehiarik agertzen ez den kasuetan, analisi hori ez litzateke beharrezkoa izango. Horrela izanik ere, ez dugu ahaztu behar lehenago nahiz beranduago lehiakideak agertuko direla, zeren eta ez baitago produktu edo zerbitzu berritzaile bakar bat ere merkatuan denbora luzean bakarrik egongo dena. Lehiakideak agertzen direnean, orduantxe egin beharko dugu analisi-mota hau.
Asko eta desberdinak dira gure lehiakideei buruz behar dugun informazioa eskuratzeko irispidean dauzkagun iturriak:
• Merkataritza Ganberaren zerrendak eta datuak. Merkataritza Ganberak eskaintzen dituen informazioetako batzuk doakoak dira, baina interesgarrienak, aldiz, ordaindu egin behar dira. Beren prezioa aldatuz doa emandako datu-kopuruaren arabera (prezioa 40,44 euro 1.000 enpresa-helbideko zerrendatuentzat, JEZen arabera).
• Katalogo Industrialak (Euskal Herriko Katalogo Industriala).
• Orrialde horiak eta zuriak.
• Merkataritzako Erregistroa. Bertan aipatutako Erregistroan inskribatuak dauden merkataritza-sozietateei buruzko guztia aurki daiteke eta baita urtero bertan uztera behartuak dauden urteko kontuei buruzko datuak ere.
• Norberak egindako arakatzeak.
• Bezeroekin edukitako elkarrizketak.
• Enpresa hornitzaileekiko elkarrizketak.
Orokorrean, ikerketa-ahalegin bat egin beharrean aurkituko gara, eta horrek, zenbait kasutan, "asmamena" erabiltzea eskatuko du datu jakin batzuk bildu nahi badira.
No hay comentarios:
Publicar un comentario