Eskariaren analisiak gure bezero potentziala zein den ikertzen du. Horretarako hainbat puntu aztertzen ditu: bere ezaugarriak (adina, sexua, erosteko ahalmena, hezkuntza-maila...), gustu eta lehentasunak, balore-eskala, azturak, etab., merkatu-ikerketako teknika jakinak erabiliz (inkestak, elkarrizketak, probako merkatuak...).
Kontua, beraz, zera da, merkatua zein egoeratan dagoen jakiteko asmotan ahalik eta informazio gehien jasotzea.
Hasiera batean, merkatua segmentatu egin beharko dugu, hau da, bezero potentzialen zein sektoretan (zein nitxo edo txokotan) posizionatzen saiatuko garen. Gutxi baitira merkatu osoa besarkatu nahi duten enpresak; logikoena bakoitzak merkatu horren zati edo atal jakin bat ase nahi izatea da eta.
Eskaria/merkatua bikotearen analisiarekin, ondorengo galderei erantzuten saiatuko gara:
• Asetzen ote du gure produktu edo zerbitzuak premia motaren bat? Eskaria merkatuak premia zehatz bati erantzuteko duen gogoaren ispilua besterik ez da. Merkatuari eskaini nahi diogun produktuak edo zerbitzuak ez baditu premiak betetzen, porrotera kondenatuak egongo ote gara?
• Zer-nolako eskari-potentziala dago merkatuan? Zein segmentutan zatitu daiteke merkatu hori?
• Zeintzuk dira produktuaren erosketa edo zerbitzuaren kontratazioa bultzatzen duten arrazoiak: teknologia, kalitatea, aurkezpena, prezioa, enpresaren irudia, bere tamaina, egiten duen publizitatea, modak, salmenta ondoko zerbitzua, etab.?
Baina, nola lortuko dugu merkatuari buruzko informazioa?
Merkatuari buruzko datuak lortzeko prozesuari eta merkatu horren barnean egon daitezkeen arazo eta aukerei antzemateko laguntzari, ikerketa komertziala deitzen zaio.
Lehenengoz, komeni da argi edukitzea zein datu bildu, erregistratu eta analizatu behar ditugun, merkataritzako gure ikerketa hori ahalik eta kontrastatuena, exhaustiboena eta osoena izan dadin.
Bigarrengoz, kontua da datu horiek guztiak oinarrizko bi metodoetakoren baten bidez lortzea:
• Merkatu jakin bati buruz lehendik dauden datuak lortzea: Merkataritza Ganberako ikerketak, ugazaben elkarteek egindako azterketak, aldizkari espezializatuak, etab.
• Jatorrizko datuak lortzea. Datu hauek inkestak eginez lortzen dira batez ere. Inkestak, berriz, egin daitezke pertsonalki, postaz edo telefono bidez eta galderez daude osatuak, galdera horiexek izanik beharrezko informazioa lortzeko modua ematen diguten euskarria.
Kontuan hartuz lagin bat informazioa atera nahi den biztanleria bateko osagaien multzoa dela, hirugarrengoz gure laginaren diseinua, tamaina eta hautatzeko modua finkatuko ditugu.
Azkenik, datuak analizatzen dira eta lortutako emaitzak interpretatzen dira.
Edozein kasutan, gisa honetako azterketak aldian behin errepikatu behar lirateke eskariaren egoera zein den ikusteko, eta batik bat bezeroen satisfaziomaila neurtu eta beren premia berriak zeintzuk diren jakiteko.
No hay comentarios:
Publicar un comentario